Airearen kalitatea neurtzeko ekimena Beurko BHI-n

Ikastetxeetara egunero joaten diren haurren osasuna aspaldidanik dugu hizpide. Airearen kalitateak hainbat gaixotasun eragiten ditu, eta eragin handiagoa du haurrengan eta gazteengan. Ez da zaila hori saihestea, batez ere kutsaduraren existentziaz jabetzen bagara. Hori da, hain zuzen ere, Ekologistak Martxan taldeak abian jarri duen herritarren zientzia ariketa honen helburua.

Atzo, Beurko BHI-ko ekoordezkariek airearen kalitatea neurtzeko tutuak jarri zituzten ikastetxearen inguruko zonalde ezberdinetan. Jarduera hau zonaldearen aurretiko mapeo-lan baten ondoren egin zen, ikasleek ingurunea aztertu eta kutsadura-mailak ezagutzeko helburuarekin.


Tutuak jarri aurretik, prentsaurreko txiki bat izan zen, Barakaldoko Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturaleko zinegotzia den Alba Delgadorekin. Bertan gure ikastetxeko ekoordezkariak ere izan ziren, eta elkarrizketa ondoren, aire-laginak hartzeko tutuak jarri zituzten.


Ekimen honek ingurumenarekiko kontzientzia sustatu eta gure auzoaren kalitatea hobeto ezagutzeko aukera ematen die ikasleei.


To top